Tími  5 klukkustundir 3 mínútur

Hnit 1748

Uploaded 30. janúar 2016

Recorded janúar 2016

-
-
397 m
106 m
0
3,8
7,5
15,05 km

Skoðað 1492sinnum, niðurhalað 37 sinni

nálægt Arizkun, Navarra (España)

Nafarroako independentziaren azken gotorlekua

Bost mende igaro dira Amaiurko gazteluaren harresiak agerian azaltzeko. Eta hori, UEUk eta Arantzadi Zientzia Elkarteak orain urte gutxi hasitako indusketa arkeologiko lanei esker izan da. Bost mende beteko dira Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuenetik, Fernando Katolikoaren gudaroste gaztelarrek Nafarroari eraso eta anexionatu zuten arte. Amaiurko gaztelua izan zen guda honen azken protagonista eta gaurko ibilaldia lurralde berezi horretan emango dugu.

Azpilkueta
Arizkungo herriko plazatik abiatu gara PR-NA 4aren bide-seinale zuri eta horiak jarraituz. NA-2061 errepidetik, Elizondorako norabidean herritik atera gara tarte bat Done Jakue bidean barna bete dugularik. Laster errepidea utzi eta eskuinerantz jo dugu kanposantuko bide asfaltatutik. Ezker aldetik jaitsi eta basoa eta belardia mugatzen duen bidetik berriro errepidera atera gara, hau zeharkatu eta zuzen segitu dugu, Baztan erreka harrizko zubi eder batetik gaindituz. Porlanezko bidetik ehunen bat metro aurrerago zerrategi bat eskuinean utzi eta Elizantzenea landetxera iritsi gara. Mugertza muinoa inguratuz zelaigune eder batean kokaturik dagoen Apaioa auzora heldu gara. Herri arkitekturaren adierazgarri diren etxe bikainak ikusi eta San Franzisko ermita eta iturria atzean utziz eskuinera jo eta harlauzazko bidexka batetik magalez magal eta erreka zokoetan barna Azpilkuetara berehala heldu gara. Jaso familiaren Jauregia (San Franzisko Xabierrena).

Amaiur
San Andres eliza eta frontoia atzean utzi eta ezkerretik jaitsi gara. Aurrera segi eta harrizko zubia eta errota eroria albo batera utzita zuzen segitu dugu bide zabalean zehar. Arribiltoa auzora doan bidea eskuinean utzi eta porlanezko bidetik segitu dugu. Harizti, borda eta Baztangoizako ikuspegi ederraz gozatuz ondo balizatutako bideak Zuaztoi auzora eraman gaitu. Porlanezko bide zelaitik kilometro eskas bat behar izan dugu Urrasun auzoan dagoen Santiagoko ermitaren ondora ailegatzeko. Hona iristean, Amaiur arte bidelagun izango ditugun Done Jakue bideko gezi horiak PRaren marka zuri eta horiekin tartekatuko dira. Dagoeneko begi bistan ditugu Amaiur herrigunea eta bere gainean nabarmentzen diren gazteluaren aurriak. Lasai ekin diogu hurrengo bide tarteari, itzal eta eguzki izpien artean. Galtzada zaharraren arrastoek erakusten digute inguru honek izan zuen garrantzia, Iruñea eta Baiona elkartzen zituen bide nagusia baitzen, XIX. mendea arte Baiona Nafarroako portua izan zen eta. N-121 B errepidera atera gara, Amaiurko sarreran. Herriko beheko aldean eliza, errota, iturria eta gurutzea ikusi ditugu. Hemen, Otsondotik datorren Done Jakue bide banatzen da: Urrasunera, orain arteko bidetik eta San Migel-Bozatera, gero itzulerako erabiliko duguna.

Amaiurko gaztelua
Karrika nagusian murgildu gara ezker-eskuin altxatzen diren etxe ederrei so. Herriko goi aldera iristean ermitaren ezker aldetik Amaiurko gaztelurantz zuzentzen den bide zabala igo dugu. Gora iristean, ikuspegi ederraz gozatu eta gaztelu esanguratsu honen historia gogora ekarri dugu. Hementxe bertan gertatu zen Nafarroako erreinuaren gertaera garrantzitsu bat. 1522an, Noaingo bataila galdu eta Nafarroako noble eta zaldun batzuk gaztelu honetan gotortu ziren Nafarroako independentziaren alde borrokan jarraitzeko. Gaztelauen armadak gaztelua setiatu eta kanoien indarrez txikitu eta gero, nafar gudariak errenditzera behartu zituzten. Mendeak geroago, Lauaxeta poetak idatzi zuen “Amaiur gaztelu baltza” olerkian bildu zuen euskaldunen pasadizo garrantzitsu honen inguruan. Hona hemen hasierakoa:

“Amayur gaztelu baltz ori
-berreun gudari oso sumin-
Zaintzen zaituben zaldun onak
Naparra-aldez egin dabe zin”.

Arizkun
Gure historiaren pasarte garrantzitsu honi errepaso laburra egin ondoren, Arizkunerantz abiatu gara. Gaztelua atzean utzi, herria zeharkatu eta sarreran ezkerrerantz hartu dugu, bide-seinaleak erakusten diguten bidean barrena. Kisuko bordaren ondotik pasa eta bide nabarmenetik San Migel ermitaren ondora iritsi gara. Bozate auzora doan bidea utzi eta berehala iritsi gara Erdi Aroko eraikuntza sendoa den Urtsuako Jauregi-dorrearen eta Santa Ana ermitaren ondora. Aurrerago Lamiarrita jauregiaren ondotik pasa, Baztan erreka zeharkatu eta Arizkun herrian goi aldetik sartu gara. Karrika nagusia zeharkatu dugu eta San Juan eliza eta Klarisen komentua ikusi ditugu abiapuntura iritsi aurretik, Arizkungo Herriko Plazara hain zuzen ere.


Ibilbide honen argazkiak eta beste batzuk gehiago ikusi nahi izanez gero:
http://askemikel.blogspot.com.es/2015/02/amaiurko-gaztelua.html

Athugasemdir

    You can or this trail